TRIKITRAKA TRIKITRON 2007 (5x02) Barakaldo – “GRAXIANAREN OPARI DIABOLIKOA”

Euskal Telebistak 2007. urtean zehar emititutako Trikitraka Trikitron programaren 5. denboraldiko 2. atala da hau, 2006. urteko urrian Barakaldoko antzokian grabatua. Atal honetan, Moro katuaren eta zoo-dantzarien taldeko saguaren arteko jazarpena ikusi ahal izango dugu. Bestalde, Txirrik edozein gauza galdetzean, Mirri eta Txiribitonek tronpeta joaz erantzungo dute.Gainera, Pepitto oso harrotuta helduko da geltokira. Ondoren, Mirrik kiosko berria irekiko du geltokian. Gero, Txiribitonek tranpa jarriko die Mirri eta Txirriri. Urrezko txanpona lurrera botako du Txiribitonek. Bere lagunek txanpona ikustean, txanpona hartzeko makurtu eta Txiribitonek erraketarekin kolpea joko die ipurdian. Bitartean, Debote Enbote-ko bikoteak malabarismo eta akrobazioa saioak eskainiko ditu. Hori gutxi balitz, Barakaldoko haurrek Pelipe trenari jaten emateko aukera izango dute, goxoki-jaurtiketan lehiatuz. Saioaren amaieran, Graxiana sorginak opari erraldoi bat utziko du geltokiaren erdian. Norentzako izango da? Pailazoak berehala konturatuko dira opariaren presentziaz eta opariaz bereganatzen saiatuko dira. Gainera, Txirri, Mirri eta Txiribitonek abesti hauek abestuko dituzte: “Allakudaos”, “Atzo Hendaian nintzen”, “Eskutxo poliñoa” eta “Altza Pelipe!”.