Plazara! 💚

Larunbatean bizi izan genuena ez da erraz hitzetan azaltzen. 50 urteko bidea ospatzeko elkartu ginen, baina batez ere, bide hori posible egin duen komunitatea garela ospatzeko. Belaunaldi ezberdinetako kideak: ikasleak, familiak, langileak, sortzaileak eta lagunak elkartu ginen duela mende erdi amets bat zena gaur egun bizirik dagoen errealitatea dela ospatzeko. ✨ Aitortzak, dantzak, kantuak eta emozioak izan ziren protagonista. 🎶 Jurgi Ekizak eta ikastolako abesbatzak "Zor diegu" abestia estreinakoz kantatu zuten plazan. 🕺 Gure bi herrietako dantza taldeek Agintariarena eskaini zuten. 🎭 Pantalan antzerki taldeak gure historiaren errepasoa egin zuen klandestinitatetik gaur egunera arte. 🎤 LH5eko eta LH6ko ikasleek kantujira eder batekin bete zuten plaza. 🍽️ 600 lagunetik gora elkartu ginen Ibaiondo inguruan Rosak mimoz prestatutako bazkarian. 🎸 Eta arratsaldean, Andoni Ollokiegi eta Elektrotxufla ospakizunari amaiera ezin hobea emateko. Pozik, hunkituta eta eskertuta amaitu genuen eguna. Izan ere, berriro ere egiaztatu genuen Lizeoa ez dela ikastetxe soil bat. Komunitate bat gara. Belaunaldiz belaunaldi eraiki den proiektu kolektibo bat. Badiaren inguruan ikastolak sortzea erabaki zuten ameslari batzuek lehen harria jarri zuten. Gaur, milaka pertsonaren ahaleginari esker, proiektu hark bizirik jarraitzen du. Eskerrik asko Plazara! posible egin zenuten guztioi. Mende erdia egin dugu elkarrekin. Eta aurrera ere, mende erdia aurretik. 💚