Xorrotxak kantari maskaradetan, 2023an Barkoxen!

Xorrotxak, nagusia eta mutila, Zuberoako maskaradetako bi pertsonaia dira, beltzen taldeko aurrelari ibiltzen direnak. Zorrotzaileak dira, eta jaunaren ezpata zorroztea da haien joküa. Horretaz gainera, kantari bikainak direlako nabarmentzen dira. Joküen artean plaza inguratzen dute, bi ahotsetako bertsotan kantari. Maskarada beltzekoak izan arren, jantzi xume baina txukunekin beztiturik azaltzen dira: belus ildaskatuzko jaka eta galtzak, botak eta azpantarrak. Buruan, lastoz betetako urtxintxa batez apaindurik dagoen kapela daramate, eta eskuan makila. Mutilak zorrozkailua eramaten du soinburuan.